Jarraian, Bizkai Maitea aldizkarian topatutako artikulu bat aurkeztuko dizuet. Testua, 2008. urteko udakoa da, Xabier Arana Eiguren idatzitakoa. Nire iritziz, testuak oso ondo azaltzen du Garapen Iraunkorraren kontzeptua, eta berarekin batera doazen beste gai batzuk ere, hala nola, gure gehiegizko kontsumoaren ondorioak.
“Lurreko natur baliabideak mugatuak dira. Edateko ura, nekazaritzarako lur erabilgarria daukan lurzorua, natur baliabide berriztaezinak eta beste hainbat ondasun mugatuak dira gure planetan. Bestetik, giza biztanleria abiada izugarrian hazten ari da: dagoeneko 6.600.000.000 pertsona bizi gara munduan eta guztiok gure beharrizanak bete nahi ditugu planetaren luze-zabalean. Horrenbestez, guztiontzako baliabideak eta zerbitzuak lortu eta bermatu behar ditugu, baina gogoan izanik gu ez garela planeta urdineko biztanle bakarrak.
Hain zuzen ere, baliabideak mugatuak direla ikustea eta biztanleria modu esponentzialean hazten ari dela konturatzea izan ziren Garapen Iraunkorra terminoa sortzera bultzatu zituen arrazoietako batzuk. Kontzeptu horren funtsa hauxe da: gaur egungo beharrizanak betetzea etorkizuneko belaunaldiak ahaztu gabe.
Lehenago Ekogarapena zeritzon kontzeptu horrek alderdi sozialak, ingurumenaren arlokoak, ekonomikoak eta kulturalak bateratu nahi ditu, hala gizarte-ereduan pentsatzeko orduan nola mundu solidarioa eta anaitasunezkoa antolatzeko erari dagokionez. Hala ere, anbientalismoaren eta Ekonomia Ekologikoaren arloko zenbait sektoreren ustez, Garapen Iraunkorra kontzeptuak bere jatorrizko esanahia galdu du dagoeneko, era masibo eta bereizi gabean erabiltzen delako eta, horren ondorioz, hutsaldu egin delako. Hasiera batean, Hazkunde Etengabea (ingurune mugatu batean ezin gauzatuzkoa den terminoa) eta Garapen Iraunkorra nahasi egiten ziren; orain, ordea, diskurtso orokorrak zeharo beretu du azken hori.

Hala, sektore kritikoen iritziz, gaur egun Hazkundea eta Garapena sinonimo gisa erabiltzen dira eta, beraz, jatorrizko kontzeptuaren bigarren osagaia berreskuratu behar da: Iraunkortasuna, alegia.
Nolanahi ere, bada ezin eztabaidatuzkoa den errealitate bat: Mendebaldeko gizarte batzuetan, garapenaren etapa aurreratu batetik iraunkorra ez den egoera bateranzko lasterketa zorora igaro da. Planetan bizitzeko daukagun gelari —Biosferari, alegia— egin dizkiogun kalteak alde batera utzita, gure helburu bakarra hazkundea eta behar materialak betetzea izateak arazoak ekarri dizkio gizarte modernoari, gehiegikerien eraginez: obesitatea, lan istripuetako heriotzak, drogamenpekotasuna...
Hala, planetaren zati bat gosez, edateko urik ez daukalako edo gaixotasun arrunten ondorioz hiltzen da, eta mundu “garatuaren” parte batek ondoeza eta heriotza goiztiarra eragiten dizkio bere buruari. Hauxe da gaur egungo paradoxa mingarria: garapenaren hasierako etapetan dauden herrialdeetako biztanleei oinarrizko sendagaiak falta zaizkie, eta gure inguruan neurririk gabe kontsumitzen ditugu antibiotikoak.
Harrigarria dirudien arren, herrialde batzuetan ez daukate janaririk eta beste batzuetan sabelkeriak eragiten ditu gaixotasunak. Begien bistakoa da batzuek ez daukatela oinetakoak erosteko dirurik eta beste batzuk beren ibilgailu bizkorretan hiltzen direla, hormaren bat jota. Zinez sinesgaitza da gure inguruan golf-zelaiak edateko urez ureztatzea eta planetako eskualde askotan milioika pertsona beherakoen eraginez hiltzea.
Labur esanda, banaka batzuek asko daukate, eta gehienek oso gutxi. Serioski pentsatu beharko da nola banatuko ditugun planetako baliabideak era bidezko eta iraunkor batez. Dagoeneko, Nazio Batuen Erakundeak helburu hori markatu du bere agendan, Milurtekoko Garapen Helburuak zehaztuta . Planetako bazter guztietako herrialde, herri eta hiri asko ere lan hori egiten ari dira, Agenda 21 izeneko prozesuaren bidez.
Hala, pertsonekin gertatzen den bezalaxe, lehenik eta behin modu osasuntsuan haziko gara, gure biztanleriaren tamaina (taila biologikoa) eta bizi-baldintzarik onenak mugatzat harturik, eta gero garapenaren edo heldutasunaren alde egingo dugu. Hazkundeari mugak jartzeak eta kalitatea lehenesteak gure bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetuko digute: heldu edo barrurantz haziko gara, zabaleran hazi beharrean. Horrekin batera, elkartasuna eta auzotasun-harremanak hobetzen saiatuko gara, belaunaldien barneko eta nazioarteko zuzentasuna erdiesteko. Gainera, azken mendeetan neurriz gaindi ustiatuak izan diren lurraldeetan (gurean, esaterako), aukera bat emango diogu naturari: Ingurumen Garapena lehenetsiko dugu, horixe delako gizartea hobetzeko bide bakarra (bioaniztasunari eta ingurumenaren kalitatea hobetzeari loturik dagoen aberastasuna).
Hori guztia dela eta, aurrera egin behar dugu Garapen Iraunkorraren bidean, kalitatean oinarritutako garapen orekatua lortu arte.”
No hay comentarios:
Publicar un comentario